ONGI ETORRI :)

Nire interesesak oso zabalak dira, argazkilaritza, gizartea, kultura, gizarte-sareak... ; eta, blog honen bidez, interesgarriak topatzen ditudan berriak zuekin konpartitu nahi ditut. Eskerrik asko blog hau bizitatzeagatik

2014/01/15

Gasteiz Euskaraz



Geu elkarteak euskararen proiektu oso interesgarria gauzatu nahi du Gasteizen. Hona doakizue berria zuen interesa izango delakoan.


"GEU elkarteko lagunok lau proiektu ditugu esku artean, eta egitasmo hauetan parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu.

1)    Araban aldizkari berri bat sortuko dugu, euskaraz. Horretarako, gauza asko erabaki behar ditugu: izena, formatua, bazkideak… Hori guztia zehazten joateko, hainbat topaketa egingo ditugu animatzen zareten guztiekin!

2)    Euskaralagunak proiektua abiatuko dugu ere, Gasteizen euskararen alde gure ekarpena egiteko prest gauden pertsonen eta elkarteen sarea osatzeko. Aldizkarirako argazkilariak, txosnan aritzeko sukaldariak, kamisetak diseinatzeko marrazkilariak, mintzalaguntzaileak, Hirinet.net-en idazteko kazetariak, publizitatea jarri nahi duten dendak… denetarik behar du euskalgintzak! Euskararen alde lan egiteko prest gauden gasteiztarron sare indartsu hau nola osatu diseinatzeko, hainbat topaketa egingo ditugu datozen hilabeteotan, interesa izan dezakezuen guztiontzat irekiak, nola ez.

3)     HirinetFM irratsaioa estreinatu dugu Radio Vitorian. Asteazkenero 20.30etatik 21.00etara Gasteizko euskaldunok gure tartetxoa dugu 104.1 frekuentzian. Irratsaioan parte hartzeko prest egon zaitezketen pertsonen bila gabiltza ere: esatari gisa aritzeko, kolaborazioak grabatzeko, produkzio lanak errazteko eta Gasteizko euskarazko irratsaio honi bizia emango dion beste edozein lanerako.

4)  Aisialdian euskara bultzatzeko bide berriak topatu eta indarrak batu nahi ditugu. Aisialdi munduan mugitzen zara eta zure alea jarri nahi? Zatoz!

Lau proiektu hauen berri emateko, topaketa irekia antolatu dugu:

  • NOIZ? Urtarrilaren 17an, ostirala, 18.00etatik 20.00etara. Ondoren, nahi duenarentzat pintxoak GEU-ren esku.
  • NON? ALDABE gizartea etxean( gela polibalentean)
  • ZER? Lau proiektuen aurkezpen laburra (Aldizkari berria, Euskaralagunak, Hirinet FM eta aisialdia euskaraz) eta egitasmo horietako batean, bitan ala guztietan parte hartzeko prest egon zaitezketen pertsonen eta elkarteen arteko dinamikak.
  • NOR JOAN DAITEKE? Nola ez, edozein adin, jatorri, aukera politiko, ikasketa eta lanbideko pertsonak gonbidatu nahi zaituztegu parte hartzera. Noski, ez da beharrezkoa GEU elkarteko bazkide izatea (bazkide egin nahi izanez gero, egin klik hemen; 25€ urtean).
  • IRAUPENA: 18:00-20:00 *Topaketari amaiera borobila emateko, 20etatik aurrera elkarrekin pintxo eta trago batzuk hartuko ditugu, nahi duenak noski.

 Etortzera animatzen bazara ala ezin baduzu etorri eta informazioa jasotzen jarraitu nahi baduzu, eman izena mesedez orrialde honetan, GEU elkarteko kideok hau guztia hobeto prestatu ahal izan dezagun. Zuk ezin baduzu parte hartu baina interesa izan dezaketen gasteiztarrak ezagutzen baldin badituzu, mesedez berbidali e-mail hau ala sare sozialetan elkarbanatu albiste hau (http://www.hirinet.net/euskararen-txokoa/berriak/gasteizko-euskaltzaleak-martxan).

Guztion artean Gasteizen euskarari bultzada emango diogu!

Laster arte,

GEU elkartea"

No comments:

Post a Comment